Sexu organo guztiak (en euskara)

Zakilez, barrabilez eta aluez hitz egingo dugula pentsatzera
eramaten gaitu izenburu honek lehen kolpean. Agian polikiago
pentsatzen badugu, gure sexualitatean inplikaturik dauden
oinarrizko hainbat organo eta gorputz atal daudela ohar
gaitezke. 
Oso jakintsua den lagun batek zera esan zidan autoan
elkarrekin gindoazen batean: “sexu organorik garrantzitsuena
garuna da”. Ikus dezagun. Garunak gorputz guztia kontrolatzen du
bai, eta bereziki desioa, motibazioa, ezta? Beraz bizitza
sexualaren oinarri-oinarrian dago. Garunak askatasuna ematen
digu fantasiak irudikatzeko, desiratzen dugunaren bila joateko,
nahiak burutzeko, plazerra sentitzeko... Berak aldi berean mugak
jartzen dizkigu, hala nola, frenatzen gaituzten beldurrak
sortzen dizkigu edo sexu-unea bere osotasunean ez digu bizitzen
uzten. Garrantzitsua da, beraz, eta hori motrizidadea kontuan
hartu gabe, hau da, besoak, hankak, ahoa, gerriak... mugitzeko
ezinbesteko dugula aipatu gabe.
Gogora dezagun gizakion behar basikoa dela sexu gogoa asetzea,
intimitatezko harremanak izan eta gizarte sarean txertatuta
sentitzea bezala. Jateko, edateko, hotza ez pasatzeko edo pixa
egiteko beharraren parean dago sexu funtzioa, mendebaldeko gure
kultura honek oraindik ukatzen duen arren. Garunaren
zuzendaritzapean ditugun ikusmenaren, entzumenaren, usaimenaren,
dastamenaren eta ukimenaren organoak ere berebizikoak dira.
Ikusten dugunarekin bero gaitezke: zure ezpain horiek, gerriaren
kurba leun batek, aurpegiaren edertasunak... Entzunez, hitzez,
gertura gaitezke besteengana eta ezagutzen hasi. Ukituz jasotzen
ditugu ondokoaren gogoen seinaleak. Larruazalaren zulo,
zirrikitu, zehargune, tolesdurak plazerrari ederki lotuak datoz,
bestetik. Usainak erakargarri gisa joka dezake eta dastamenak
plazer berriak ekar diezazkiguke. Eta hauek adibide batzuk
besterik ez dira. Aldi berean, organo hauetako batzuk erotismoz
josita egon ohi dira: begiak, belarriak, larrua... hain presente
ditugun zakilekin eta aluekin batera, titi eta ipurdien ondoan,
bizitza erotikoaren parte direla ezin uka daiteke.
Esaten ari garen bezala, sexualitatearen bizipenean gorputz
guztia inplikaturik dago eta, banako bakoitzak baditu, bereziki
sentikorragoak edo kitzikagarriagoak zaizkion gorputzaren gune
batzuk. Hauei, zona erogenoak deitu ohi zaie. Askotan pentsatu
da emakumeok zona erogeno komunak ditugula eta gizonezkoek ere
komunean dituztela eurenak. Eta hori horrela izanik ere,
beharbada norbere atseginerako egokiagoa da aurresuposatzen
diren zona erogeno komun horiek kontuan hartu gabe, zehazki
norberarenak zeintzuk diren deskubritzeko abenturari ekitea.
Nerea Santxo
G puntuaren bila
Gräfenberg doktoreak zera deskribatu zuen 1950 urtean:
emakumezkoen baginaren barruko gune zehatz batek, egokiro
estimulatua izanez gero, orgasmoa ekartzeko gaitasun berezia
zuela. Ekarpen hau oso eztabaidagarria izan da, ikerketek ezin
izan baitute gune horren existentzia behar bezala baieztatu. Ia
denok pentsatzen dugu ea non demontre dagoen puntu hori.
Argibide zehatzak ematen dituzten hainbat liburu daude horixe
deskribatuz. Atal honetan, ordea, hauek ez azaltzea erabaki
dugu. Zergatik? G puntua mitifikatu egin delako eta mitoek kalte
egiten dutela uste dugulako. Adibide bat jarriko dugu. Sexu
jokabideen helburua orgasmoa une berean bizi behar dela (eta ia
eskubideen mailan ipintzen duten pertsonak daude) pentsatzen
duen bikotea atsekabetu egin daiteke hori lortzen ez duen
bakoitzean, mito batean sinesten duelako. G puntuarekin berdin
gertatzen dela pentsa daiteke eta ez dugu sutara egur gehiago
bota nahi.
Garagardo festan topatu nuen lagun min batek horrelaxe esan
zidan atzo: “g puntua bilatzen aritu... hori tontakeria galanta
dela konturatu naiz jada, nik beste leku batean daukat
ditxosozko g puntu hori (irribarrez eta orain arte sentitutako
plazerrik handienari erreferentzia eginez). Nire mutilari non
eta nola ukitzea gustatzen zaidan erakusteak horrek bai merezi
duela!”
|